15/7/2

Eulia

Xerezaderen Artxibokoek Katherine Mansfielden "Eulia" ipuina eskaintzen digute  Itziar Diez de Ultzurrunen itzulpenean eta ahotsean.

Katherineren ipuin honetan bi gizon aurrez aurre bulego batean hizketan ari dira, eta hizketaldiaren tartean Heriotzak eramandakoen oroimen eta desoroimena.

1888an jaio zen Wellingtonen, Zeelanda Berrian, Katherine Mansfield. Hala ere, Ingalaterran eman zuen bizitzaren zatirik handiena. Londresen ikasketak egin ostean, sorterrira itzuli bazen ere, argi zuen Katherinek etorkizuna Europan zuela. Esan eta izan. 1908an Ingalaterran bizitzen hasi zen. Zoritxarrez, ez zuen lur hartan erdietsi aldez aurretik desiratu poza, eta gazterik hil zen, tuberkulosiak jota, 1923an.  
Izaeraz irekia eta pentsamoldez aurrerakoia, bizitza ulertzeko zuen moduak ez zuen harrera onik izan garaikideen artean. Irmo eutsi zion, ordea, Katherinek askatasun horri, esperientzia berriak...



ezagutzeko grinari. Grina horrek ekarri zizkion onespenik eza eta bakardadea. Hots, mirespena ere bai. Lagun izan zuen Virginia Woolfek izugarri miretsi zituen Mansfielden lana bezainbat nortasuna, eta harekin harremanak estutzen saiatu bazen ere, Katherinek uko egin zion adiskidantza sakontzeari. 
Egia esan, iritzi kontrajarriak sortu zituen Mansfieldek garaikideen artean. Batzuek emakume sentibera, askea eta anbizio handikoa zela zioten artean, besteek emakume hipokritatzat eta lizuntzat zeukaten. Kontraesan hau ez da inoiz argitu. Izan ere, hain dago argi-ilunez betea idazlearen bizitza, ezen gaur egun, oraindik ere, kontraesan ugari topa daitezke berari buruzko biografietan. 
Gauza bat garbi dago. Ingurukoekin harremanak estutzeko zailtasunak zeuzkan. Bizi zuen onespen ezari idazleak berak bizitzarekiko zuen ikusmoldea ere gehi dakioke. Talka egiten zuten errealitateak eta Mansfielden bizitzarekiko usteek. "J. —John Middleton Murphy senarra— eta ni, izan gintezkeenaren ametsa baino ez gara", zioen bere egutegian. Izan nahiaren eta izatearen arteko lehia horretan dago bere obra. Bakardadean, desolazioan eta isolamenduan. Ironia eta zorroztasuna galdu gabe. 
Egunerokotasunean oinarrituta dago Mansfielden literatura. Atmosfera arruntak, elipsiak eta gizakien psikologia. Bizitzaren une kritikoak monotoniaren azpian maskaraturik nola pasatzen diren antzemango dugu bere ipuinetan. Hau izan baitzuen genero kuttuna. Bost ipuin bilduma argitaratu zituen, guztira. Euskaraz, Ibaizabalen eskutik argitaratu zen "Lorategiko festa eta beste kontakizun batzuk" obra ezagutzen diogu.
(Gaztezulo)

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina